Aunitz Urtez!!!!
Bizkaiko Gaiteroak – Ondalan Erraldoien Konpartsa
Dagoeneko 20 urte pasa dira proiektu bateratu honetan geure ibilbidea hasi genuenetik, bi taldeak sortuta. Jarduera sendoz eta biziz betetako urteak izan dira, eta, aldi horretan zehar, Bizkaiko udalerri eta auzoetan barna ibili gara batez ere. Puntatik puntara zeharkatu dugu Bizkaia, konpartsaren jardueretan musika jarri eta dantza eginez.
Hona hemen gure aurrekariak:
1980an, Bilboko Udaleko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak bere bideari ekin zion, Bilboko Aste Nagusiaren hasieran. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra arduratu zen eszenaratzeaz, eta, horretarako, erraldoiak zeramatzaten dantzariak plazaratu zituen. Iruñeko Gaiteroak eta dantza taldeetako gaitero batzuek jarri zuten musika. Hasiera horretan parte hartu zuten, era berean, ondoren Ondalaneko kide izango zirenetako batzuek.
Ondoren, Bizkaian Erraldoien lehen kontzentrazioak antolatzeko lanak hasi ziren. Hala, “Gau-Txoriak” elkarteak kontzentrazioa deitu zuen Erandion 1986an, eta, ondoren, Gernikak 1987an, Hiribilduko bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta. Testuinguru horretan, bada, nolabaiteko giroa sortu zen, Bilboko berezko giroaz gain.
Garai hartan, Iruñeko San Fermin jaietara joan ginen eta, bertan, sakonago ezagutu ahal izan genuen dantza eta musikaren unibertso hau. Gainera, erregina europarra dantzan ikusi ahal izan genuen, Larumbe eta Michelen eskutik, Fraile anaien musikarekin. Ahaztu ezin ditugun sentsazioak bizi izan genituen. Iruñeko Gaiteroak taldeari esker, eta berarekin izan genuen harremanaren ondorioz, Durangoko jaietara etorri baitziren (1983) eta Bilboko jaietan izaten baititugu urtero-urtero lehen Aste Nagusiaz geroztik (1978), emozionalki liluratu eta txundituko gintuzten errealitate eta estandar musikal batzuetara hurbiltzen hasi ginen. Sentsazio berri horien eskutik harreman berriak sortu ziren, eta, hala, gure ibilbidean eragin handia izan duten pertsonak ezagutu genituen. Zerrenda luzea da, baina ezin dugu ahaztu guretzat ezinbesteko figura izan dena, gai honetan izan duen garrantziagatik. Joaquín Borromeori buruz ari gara, Zangozako Konpartsako kidea, 1991. urtean gizartean aurkeztua eta Bilboko Kontzentraziora sarritan etorria. Berari eta Erraldoien Konpartsa proiektuari (bere herrikoaren erreplika eta orain Baigorrin dagoena) ikasi genituen erraldoien koreografiak eta dantzak, baina, batez ere, erraldoien gaineko pasioa. Ahalegin horren ondorioz hedatu da, hain zuzen ere, erraldoiek dantza egin eta koreografiak prestatzeko ohitura Bizkaian.
1990.urtean, Erraldoien eta Buruhandien lehen kontzentrazioa antolatu genuen Bilbon. Ekitaldi horren bidez harreman berriak sortu ziren: Blas Subiza (Txantrea), Arrasateko Erraldoien Konpartsa eta Gaiteroak, San Juan eta “Maritxu Kajoi” jaietan. Ondoren, beste konpartsa batzuk ere batu ziren, besteak beste, Sukila de Kanbo, Sanduzelai (Iruña), Irrintzi, Legutio, Amurrio, Urduña, Areatza, Santurtzi, Basurtu, Getxo, Bermeo…, baita beste gaitero talde batzuk ere, esaterako, Elgoibar, Eltziego, Guardia, Tutera, Elizondo-Baztan, Baigorri, Ustaritz, Artaxona, Zangoza, Ezkaroze, Iruñea edo Burlata
Gizarte eta kultura mailako sare hori da gaur egun jaietan erraldoi eta gaiteroen presentzia normalizatzea eragin duena.
Erraldoiak egun udalerri garrantzitsuenetako jai guztietan zabaldu dira. Era berean, beste ekitaldi batzuetan ere ugaritu egin da halako kontzentrazio eta partaidetzen kopurua. Horren lekuko dira Bai Euskarari, Korrika, Gure Esku Dago, Ibilaldia, Dantzari Eguna… Bere garaian, ERRALDOIEN EGUNA (Bilbon ERRALDOIKETAK) gisa ezagutzen zen ekitaldiaren antolaketa eta erraldoi txikien konpartsaren lehen kontzentrazioak garrantzitsuak izan ziren fenomeno hori guztia finkatzeko.
Hala, ia 1.000 jarduera egin genituen.
Konpartsa berriak agertzea, figura eta pertsonai berriekin, aberasgarria da eta erraldoiak ezinbesteko bihurtzen ditu jairik garrantzitsuenetan.
Gaitari dagokionez, Ondalanen, erraldoiei beren jardueretan musika jartzeaz gain, beste konpartsa batzuekin ere aritu gara lankidetzan, besteak beste Santurtzi, Basurtu, Getxo, Basauri, Portugalete edo Areatzan.
Gure lanaren zati handi bat “Oraingo doinu zaharrak” diskoan islatu da (2001), Ondalan Erraldoien Konpartsarekin batera. Era berean, 1999. urtean, “Julian Romano: 100 años” lanaren grabaketan parte hartu genuen.
Bestalde, dantza taldeei musika akonpainamendua ematen ere aritzen gara. Eltziego, Guardia, Villabuena, Cortes, Otsagabia, Lizarra eta abarreko dantza bilduma, Edurre (Basauri), Txindurri (Ermua), Oin Arin (Usansolo), Beti Jai Alai (Basurtu), Aritz Berri (Arrigorriaga) edo Trabudu (Astrabudua) bezalako taldeen eskutik interpretatuta, gure ohiko jardueran lekuko da.
Era berean, erromeriarik garrantzitsuenetan parte hartzen dugu, bai auzo edo herri desberdinetako jaietan (Zapatu Azule – Ondarroa, Ermua, Algorta, Astrabudua,….), bai programa desberdinetan antolatutako beste batzuetan, Dantza Plazetan (Bilbo), Dantzaldi Ibiltaria (Aiko)… 2011ko ekainean, BIKAÑA lana aurkeztu genuen Durangon, AIKO TALDEAK ekoitzia bera. Bertan, dantza bildumako hainbat pieza grabatu genituen, genero eta erritmo desberdinekin.
Aldian-aldian beste musika talde batzuekin ere aritu izan gara lankidetzan.
2011n, Juan Crisóstomo Arriaga musika kontserbatorioko irakasle eta ikasleekin batera, musika talde desberdinekin programa anitz bat prestatu genuen, gure bildumako musikarik finenak aurkezteko.
Bilboko Udaleko Txistulari Bandak gonbidatuta, Aste Nagusiko kontzertuan parte hartu ohi dugu. 2014an, gainera, “X urte, hamaika lagun” kontzertuan parte hartu genuen Bilboko Euskalduna Jauregian eta emanaldi horren grabaketa 2015. urtean irten da.
Basauriko txistulariekin batera (“Danbolin” Elkarteko kideak) pieza batzuk jo genituen, haren 30. urteurrena ospatzeko kontzertuan.
Aspaldi honetan proiektu propio bat garatzen ari gara, tresna talde batekin (txistua, txirula, gaitak, akordeoia, soinu txikerra, baxua eta perkusioa) eta hainbat erromeriatan aritu gara, Agerketa, (Basauri) Aste Nagusia, Lutxana, Iurreta, Bizkaiko Dantzari Eguna…
Gure mugez harago, Beti Jai Alai, Zerutxu, Edurre eta Mendi Alderekin aritu gara jaialdi desberdinetan: Katalunian, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Frantzian, Uruguain, Hungarian, Danimarkan, Kroazian, Belgikan eta Ingalaterran. Halaber, gu bakarrik joan ginen Renora (AEB).
Gure musikarekin Bizkaiko bazter gehienak animatu ditugu, beren jai eta ekitaldi kultural desberdinetan, beste kultura erakunde eta elkarte batzuk babestuz, batez ere, euskara indartzea helburu dutenak, edo auzo kolektiboak bultzatuz, «Kukutza» horren adibide. Baita Deustuko auzoko erromerietan ere, Ondalanek laguntzaile gisa jarduten baitu jaiotan.
Era berean, kale antzerkian ere egin dugu ekarpenen bat edo beste Kukubiltxoren eskutik, eta, duela ez hainbeste, “Deabru Beltzak” lanarekin, Donostiako eta Bilboko inauterietako sardinaren ehorzketan.
Ondalanekin batera abiarazitako proiektu hau ez zen zilegi izango, edonola ere, musikari-gaitero askoren partaidetzagatik ez balitz, horra hor Kepa Atristain, Koldo, Ainara, Kepa Josu…, gure konpartsako dantzariak, sortzaileak bezala, Ordeñana, Ino, Carlos, Jabi, Andoni, Patri, Nuria Prieto, Nuria Ortega, Kroko,…
Ezin ditugu ahaztu gure ibilbidean eragina izan duten eta zure errespetu, esker on eta omenaldirik zintzoena merezi duten hainbat pertsona, guretzat garrantzi handikoak izan baitira:
Bizkaiko kultura tradizionalean: Felipe Amutxastegi, José Javier Abasolo “Tiliño”, Iñaki Irigoien Etxebarria, Jon Pertika Cortés.
Eta, gaitaren eremuan, José Luis Fraile eta Javier Lacunza aipatu behar dira, biak ere fenomeno saihestezinak tresnaren garapenerako.
Barkamena eskatzen diegu aldez aurretik hemen aipatu ez ditugunei, zerrenda amaigabea baita eta izenak ahaztea erraza izaten baita. Amaitzeko, eskerrik asko guztioi, proiektu hau posible egin duzuelako. Laburbilduz: